ERRAUSTEGIA

 

 

Bizitza gauza xumea da,

eta gu haren umeak.

Hutsala eta biluzia da,

baina asegaitza gure arima.

 

Bere txikitasuna onartu ezinik

balore handien bila hasten dena.

Nire deituz orori,

ezabatzen du ororen askatasuna.

Nire ama, nire seme, nire etxe, nire samin.

 

Tragedien bila harremanetan,

estasia amodioan,

gizartearen errespetua,

domina, sari eta txalo artean.

Eta dirua gose soldata tantaietan.

Mereziko ez dut, bada?

 

Gotor besarkatzen du errua

sentikor agertu nahian,

bizkarra birrintzeraino.

 

Konplexua izan nahi du

zabor teorikoaren biltzaileak.

Uste du balore bikain horiek

bihurtzen dutela distiratsu,

errepika ezina guztiz

haren arrastoa munduan.

 

Bizitza gauza xumea da,

eta gu haren umeak,

barka ezin litekeen

akats bakarra

gure hondamen:

arazoak sortzeak

plazera zekarrela

ezagutaraztea zuri,

ego likits,

burmuin zantar,

arima eskas,

ororen birrintzaile.